Nekazari eta abeltzainek ekoizleek irabazten dutenaren eta kontsumitzaileek ordaintzen dutenaren arteko prezio ezberdintasunak agerian utzi dituzte gaur, Arriaga plazan, Bilbon egin duten merkatuan.
Bildots laurdena, bi litro esne eta behi gazta zati bat, 20 euroren truke. Hori da nekazari eta abeltzainek 200 poltsa berezietan sartu dutena, gaurr, Bilboko Arriaga plazan, zuzenean bezeroei saltzeko. Ekimen honen helburua, ekoizleek irabazten duten diruaren eta kontsumitzaileek ordaintzen dutenaren arteko ''diferentzia izugarria'' agerian uztea.
EHNE sindikatuak antolatutako ekimena izan da gaurkoa, kontsumitzaile elkarteen, Eguzkiren eta Ekologistak Martxanen laguntzarekin batera, besteak beste.
Merkatu honen bitartez, ekoizleek industriaren praktika ''neurrigabeak'' kritikatu ditu. EHNE sindikatuaren ustez, baserritarrak eta kontsumitzaileak dira jarrera hauen ondorioz kaltetzen diren bakarrak.
Bildotsa, esnea eta gazta prezio ''diferentzial'' horiek gehien pairatzen dituzten produktuak dira. Horregatik, abeltzainek hiru jateko hauek sartu dituzte saldu dituzten 'pack' berezi horietan. Sindikatuak zuzeneko salmentaren aldeko apustua egin du Bilbon. ''Kontsumo eredu hobeak dira, bai ekoizleentzat eta baita kontsumitzaileentzat ere''.
Merkatuko antolatzaileek "beharrezkotzat" jo dute Prezioen Behategia eratzea, "prezioen sorkuntza prozesuaren gardentasuna zaintzeko". Erakunde horrek "jarduera neurrigabeen aurrean eskua sartzeko eta zigorrak ezartzeko" eskumenak izan beharko lituzke.
Sindikatuak salatu duenez, ekoizleek "gero eta gutxiago" jasotzen duten bitartean, kontsumitzaileek "gero eta gehiago" ordaintzen dute landako produktuen truke.
Eguneko esnea, 'vending' bidez
Bestalde, Arabako zenbait abeltzainek ekimen originala abiatuko dute uda heldu baino lehen: Makinak jarriko dituzte lurralde osoan, kontsumitzaileek eguneko esnea eros dezaten, ohiko supermerkatuen prezioen antzekoan. Hala, ekoizleek bitartekarien bidez baino mozkin handiagoak izango dituzte.
Arabako ekoizleak lehenak izan ziren nekazaritza eta abeltzaintza produktuak saltzeko denda bat jartzen.
eitb.com